2005/05/17

Altxa ta ekin bakearen alde (2005/05/17)

Iragan martxoaren 5ean Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea oinarri duen Gatazkaren Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa aurkeztu zuen Bilbon. Dagoeneko 50 bat eragile politiko, sozial eta sindikalek egin dute bat. Sinatzaileen artean sei alderdi -Batasuna, EA, Aralar, Abertzaleen Batasuna, Zutik, EAE-ANV- eta zazpi sindikatu -ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB eta HIRU-. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmena sinatu zuen, Konponbidea Sustatzeko Batzordearekin bildu ostean.
Martxoaren 13an eta Berriari eskainitako elkarrizketa zabal batetan, Martin Aranburu, Gatazka Konpontzeko Batzordeko kideak (orduan EAko legebiltzarkide eta zuzendaritzako kide), “eragile politikoen iritzia inportantea bada, presoen iritzia ezinbesteko pieza da” zioen. “Nire ustez, ez da gehiegi baloratu akordioan iheslari eta preso politikoen kolektiboaren sinadura hor egotea” gehitzen zuelarik.
Alec Reid berak, Irlandan bitartekari lanetan aritutako apaiz katolikoa eta Oinarrizko Hitzarmenean partaide, behin da berriz adierazi du irlandar prozesuan preso politikoek izandako parte hartze garrantzitsua.
Era berean, EPPK-k borroka ekimen berri bat hasi zuen txandakako gose grebak eginez, presoen kolektiboaren izaera politikoa aldarrikatuz eta bake prozesu batean agente politiko bezala aitortua izateko.
Hurbilera etorriz, martxoaren 14an eta Urretxuko Udal Batzarrean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izaera politikoa, eta beraz, bizi dugun gatazkaren konponbiderako bidean eragile izatearen behin behineko onarpenerako mozioa aurkeztu zen. Mozioa atzera bota zen.
Bestalde, orain egun gutxi, “Zutik jarri bakearentzat” ekimena aurkeztu da Urretxun. “Euskadi eta Irlanda hurbiltzeko” Hego Euskal Herria eta Derry City zeharkatuko duen “Bake eta humore autobusa” antzerki obra izango delarik batetik eta ekimen hau babesten duten herrietako udal ordezkarien instituzio mailako elkartrukea bestetik.
Azken honi heldu nahi genioke une batez. Bakearen inguruan horrenbeste hitz egiten den garai hauetan, bakeaz hitz egiteaz baino, bake ekintzetaz aritu beharraz ohartu duenik bada. Airez baino puzten ez den globoa lehertuz gero, ezer ez dugunaz konturatuko garela alegia.
Eta halako zerbait sumatu genuen lehengoan ekimen honen aurkezpenean udal ordezkarien hitz hutsak entzun eta irakurtzerakoan. Bakeaz hitz egiterakoan, arduraz jokatu eta benetako konpromisoetaz hitz egin behar dela uste dugu. Bakea helburu izanik, honek irudikatzen duen bidean abiatzeko konpromisoa, borondatea, zintzotasuna dira ardatzak, eta nola ez, interes pertsonalistak alde batera uztea ezinbestekoak dira.
Era berean kezkatu egiten gaitu euskal gatazka politikoaren inguruan eta berau gainditzearen aldeko ekimenak udaletxera eramaterakoan, udal gobernu ordezkariengan gaiak sortarazten dien deserosotasuna eta kontrako jarrera, beraien arduragabekeri eta inkoherentzia behin eta berriz agerian geratzen direlarik. Ez dakigu alde bateko edo besteko ekimenak bultzatzerakoan, ez ote diren alderdikeriazko etekin ikuspegitik neurtzen. Ez dakigu helburua bakea ote den edota egun bateko prentsa titular eta argazki interesatua.
Euskal Herriko egoerarekin hainbat bider parekatu den Irlandar kasuan, gure udal ordezkariek -orain arte erakutsitakoarekin behintzat- ezer gutxi aportatu dezaketenaren zalantzan gaude. Beraz, Derry Cityra doazenerako herritar gisa eskatzen diegun gauza bakarra, Euskal Herrian ere baliagarri izan daitekeen guztiaren aurrean adi egotea da, gero etxean aplikatu ahal izateko, Irlandan onartua dagoen preso politikoen eragiletza politikoa aintzat hartuz adibidez.
Presoak eragile politikotzat onartzea, legez kanporaturiko herri plataformekiko jarrera aldaketa, etab… herri honentzat beharrezkoa den konponbiderako lehenengo urratsak izan daitezke. Gu prest gaude bide luze horretan urrats sendoak emateko.
(Oraindik gogoratzen dugu, duela urte batzuk egungo alkate buru zela nola galarazi zitzaion herriko kultur talde bati Irlandari buruzko argazki erakusketa ibiltari bat herriko erakusketa aretoan agertzea, Irlandarena gai politikoa zela argudiatuz. Gai serioa izango ez balitz McRae beraren txiste bat litzatekeela pentsatuko genuke.)