Orain dela aste batzuk, urretxuar askok osatzen dugun HERRIBIDE plataforma eman genizuen ezagutzera. Ordudanik denbora gutxi pasa den arren, gure ingurunean eman diren gertakarien nondik norakoak ugariak izanik, herri ekimen hau osatzen dugun urretxuarron nahia, gure ibilbidearen eta etorkizunaren berri ematea da.
Otsailean, HERRIBIDE plataformaren sorrerarekin bat, Euskal Herriaren eta ondorioz gure herriaren eskubideen alde lan egin eta gure etorkizuna eraiki eta erabakitzeko konpromisoa hartu genuen. Egungo errealitateak egoera iluna eskaini arren, herri bat izatearen kontzientzia eta nahia ditugu gure tresnak, guri dagokigu gure etorkizunaren nondik norakoa aukeratzea. Herribide osatzen dugunok, Eskubideen aldeko, Euskal Herriaren eta Euskal Herritarren aldeko eta batez ere Urretxu eta urretxuarren aldeko ekimen sozial bat dela berrestera gatoz.
Herribide esaten dugunean, hitzaren esanahian erreparatu beharrean aurkitzen gara. Herribide, herriaren bidea da, herriak esan, eta beraz izan nahi duena erabakitzeko duen eskubideaz ari gara. Herriak berak, hots, Urretxuk erabaki beharra dauka bere bidea eta beraz, herri honen etorkizun duina urretxuar orori dagokio, inongo ideologia, izakera eta bestelako bereizkeriarik gabe.
Urretxuarrok datozen asteetan gure hautua egiteko garaian aurkitzen gara. Hala ere, Euskal Herrian eta beraz Urretxun, bada hautuaren afera honetan sortzen den zalantza edo kezka nabarmenik. Euskal Herritar guztiok dugu gure udaletan ordezkari izango diren alkate edo zinegotziak izateko eskubidea, eta hori da herri honen etorkizunaz arduraturik sentitzen garenon erronka.
Honen baitan, gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu egun hauetan herri plataformaren babesean beraien sinadura eskaini diguten urretxuar guztiei, izan ere Herribide plataformaren etorkizunaren nahia adierazi bait digute eta gure proiektua legitimatu, askok etorkizun hau zapuztu dezakeen isiltasunaren protagonista izaten jarraitzen duten bitartean.
Modu honetan, urretxuar talde zabal baten eskariari erantzunez, Herribide datorren maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan izango dela adierazi nahi dugu eta Herribidek bere bozka txartelak izango dituela, Urretxuko udaletxean beti izan delako ezker eta abertzale den herritargoaren ordezkaritzarik.
Bozka baliagarria eman nahi dugu, hauteskundeetan aktiboki lan eginez, udaletxean lan egiteko borondatea dugulako, elkarbizitzazko egoera baketsu batenganako aldaketaren alde egiten dugulako.
Herribide herriarena eta herriarentzat!
Urretxun, 2003 maiatzaren 5an.