2005/06/20

Arau subsidiarioen inguruan...

Urretxuko Arau Subsidiarioen inguruan Herribidek duen iritzia plazaratzeko helburuz, bildu ditugu gaurko honetan komunikabideak. Atalez atal aurkeztuko ditugu gai desberdinak.

HIRIGINTZA GAIAK UDALETXETIK
Herriari, Alkatetzatik zuzendutako informazio interesatua eman zaio prentsa eta udal aldizkariaren bitartez. Zoritxarrez ohitura bihurtu den bezala, udal batzordeetan tratatzen ziren gai garrantzitsuen inguruan beste udal taldeei diskrezioa eskatu zaigun bitartean, gobernuko alderdiaren aldetik komunikabideen bitartez momentuan interesatu zaien informazioa zabaltzen aritu dira besteekin kontrastatu gabe.
Honela Urretxuko etxebizitza eta trafikoaren arazoak ekiditeko 400 etxebizitza eta errepide berri bat eraikitzeko oinarriak ezarriak direla esan digute behin eta berriz.
Arau subsidiarioen berritzearen proiektu desberdinen inguruan komunikabideen bitartez horrenbeste espekulatu duten bitartean, Urretxuko herriaren aurre iritzia baldintzatzen saiatu dira, azterketa oinarri sendorik ez duten proiektuak "bozgoragailuz" publiko eginez.
Proiektuaren helburuen alderdi onei buruz baino ez dira hitz egiten ari eta badago zer aztertua horren inguruan. Eta alderdi txarrak?
Herribidetik arduraz jokatu nahi dugu herritarrak informatuz eta gaiaren inguruko benetako eztabaida zabalduz. Horretarako konpromisoa harturik, atalez atal aztertu nahi genituzke gai desberdinak:

ARAU SUBSIDIARIOAK
Lehenik eta behin ondorengo hausnarketak zabaldu nahi genituzke Arau Subsidiarioen berritzearen inguruan:
Batetik, ez dagoela Urretxuko arazoetaz aritzerik, berau itsasoan galdutako irla bat izango balitz bezala. Hau da, ezin dela Urretxuko etxebizitza, trafiko, aparkaleku, zerbitzu publiko eta abarren arazoei buruz aritu, elkarren ondoan eta pega-pega duen Zumarraga kontutan izan gabe. Urolaren bestaldean ez dago amildegirik; irtenbideak bai ziurrenik.
Nahi edota ez nahi, Urretxu eta Zumarraga hirigune bat osatzen dute eta halako trataera eman behar zaie arazo desberdinei irtenbidea emateko orduan. Beraz eta lehen aipaturiko gai askoren inguruan elkarlaneko guneak eratu beharko dira. Hala dio "Plan Territorial Parcial" delakoak: "En el Alto Urola se propone la compatibilización de los planeamientos de Zumarraga y Urretxu." Egun, herri bakoitza bere bidetik doa.
Bestetik, eta berriro ere "Plan Territorial Parcial"-a eskuan hartuta, zera dio: "En el area de Zumarraga-Urretxu no deberán plantearse crecimientos significativos, dado el actual grado de densificación tal que se aconseja limitar los nuevos desarrollos, básicamente, a las calificaciones actualmente existentes permitiendose, exclusivamente, pequeñas recalificaciones para vivienda pública".
Urretxun 400 etxebizitza berri eta Zumarragan 1500 eraiki nahi dira. Hau da 1900 etxebizitza berri. Norbaitek gogoratzen al du zenbat etxebizitza huts dagoen Urretxu eta Zumarragan?
...1088 etxebizitza huts.
Azkenik, Urretxuko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualak egitea planteatu du udal gobernuak, arau subsidiarioen errebisio osoari ekin aurretik. Urretxu 7000 biztanleetara iristea, 400 etxebizitza berri egitea, herri gainetik doan errepide berria, Ikastolaren proiektu berria...
Hitz potoloak dira aipatutakoak! Ez da txantxetako kontua! Gaiak azterketa orokorra eskatzen du eta egun, ez da halakorik egin inondik inora.
Ez dago trafiko azterketarik, ez dago etxebizitza demandaren azterketarik, ez dago eboluzio demografikoaren azterketarik, ez dago zerbitzu mailako beharren inguruko azterketarik...


TRAFIKOA
Urretxuko herria gainetik zeharkatuko duen errepidea aurkezten digu udal gobernuak, Iparragirre-Labeaga-Ipeñarrieta-ko ardatzari alternatiba eskaini asmoz eta beheko trafikoa arintzeko. Arau Subsidiarioen aldaketen ardatz nagusia izan da hasieratik eta trafikoaren arazoaren "konponbide" gisa azaldu digute.
Trafikoaren arazoa konpontzeko lehenik eta behin azterketa serio bat egin behar da. Honela, azpimarratu egin behar da, udaletxean ez dagoela trafikoari buruzko ikerketa teknikorik zeinak erdiguneko trafikoaren arazoa konpontzeko, Urretxuk beste errepide paralelo bat behar duela esaten duenik. Ondorio hori Alkateak egindakoa da, arkitektoarena egiten jolasten ari zela. Argi geratu dadila, goiko errepidea ez da inongo azterketaren emaitza, Alkatearen "uzta propiokoa" baizik.
Iparragirre-Labeaga-Ipeñarrieta ardatzean herriko zerbitzugune gehienak egonik, goiko auzotarrak behera autoz jaisten dira, erdigunean dagoen aparkaleku eskasiagatik arazoa larritzen delarik. Beraz, goiko errepideak ez du Iparragirre-Labeaga-Ipeñarrieta arinduko, arazoa bere horretan, beheko ardatzean, jarraituko du eta. Goiko errepidearen funtzio bakarra bertako auzoen barne komunikazio eta irteera ematea baino ez da izango.
Teknikoki errepide berriak suge itsura izango du, bira asko eta goitibehera gehiagorekin, Lilibasoko tarteak trafiko astuna jasateko arazoak izango dituelarik, azken hauek beheko aldetik pasatzen jarraituko dutelarik.
Bestalde eta Urretxu alderik alde zeharkatzen duen trafikorako Zumarragako bariantea dago, zeina Apariziotik Eitzarako tartea nabarmen lasaituko den Beasain-Durangoko hurrengo lur azpiko errepidearekin.
Berriro diogu, trafiko azterketa serio bat behar da eta ezinbestekoa da gaia Zumarragarekin lantzea, errepideak Urretxu eta Zumarraga hiri nukleo bakartzat hartuta. Bi herrietako erdiguneak, zerbitzu eta komertzioz betea, ibilbide mankomuna behar du, zirkuitu moduko bat eta bi herrien artean koordinatua.
Gainera, zirkulazioaren arazoa baino larriagoa aparkalekuarena da. Bi herrien artean aparkalekuak sortu behar dira, erdiguneko kongestioari irtenbidea emateko. Urretxuko erdigunearen arazoaren soluzioa neurri handi batetan Zumarragarekin batera egin beharreko elkarlanean egongo da.


ETXEBIZITZA
Behin da berriz Urretxu 7000 biztanleko herria bihurtu nahi dutela entzun diegu udal gobernuko ordezkariei eta herritarren etxebizitza eskaria asetzeko 400 etxebizitza berri egin beharko liratekeela. Egun, udaletxeak ez du inolako azterketarik egina herriko etxebizitzen beharra jakiteko. Berriro ere Alkatearen "uzta propioko" ondorioekin gabiltza.
Halako kopurua eraikitzeak etxebizitzaren prezioa "jaistea" eragingo lukeela esan digute eta gure gazteek "gure herrian" (eta beraz, ez ondokoan) bizitzeko aukera gehiago izango luketela. Hori pagotxa!
Gainera, goiko errepide berria ibilbidean zehar eraikiko liratekeen etxebizitzen bitartez finantzatuko litzateke, horretarako behar diren prezio libreko etxebizitza kopurua kalkulatua dutelarik. Beraz, errepidea ordaindu behar denez ezingo da etxebizitza sozial gehiegi eraiki, bere ordez prezio libreko etxebizitza bultzatuko delarik.
Bestalde eta aurrerago aipatuko dugun gaia izanik ere, Ikastolak badu eraikuntza berria eraikitzeko proiektu propioa. Berau ere, Pagoetan libre utziko lukeen lurretan eraikiko liratekeen etxebizitzekin finantzatuko litzateke. Hauek ere prezio libreko etxebizitzak. Kalkuluak eginak daude hemen ere...
Apaizei "kentzen" zaien terrenoetan eraiki beharreko etxebizitzak ere prezio librekoak.
Beraz, Urretxun ezingo dira etxebizitza sozialak egin, errepide berria ordaindu behar bada eta Ikastola berria egin nahi bada. Etxebizitza sozialaren eskaria eta gure gazteak herrian bizitzeko aukerak alde batera geratuko dira. Eta guzti hau posible egingo duen Arau Subsidiarioen aldaketa bultzatzen dihardu egungo udal gobernua.
Izan gaitezen zentzudunak! Hau ez da serioa! Askotan ez dakigu etxebizitzaren arazoaz hitz egiten ari direnean, etxea behar eta ez duenaz ari ote diren, edota konstruktora eta inmobiliarien espekulazio eta negozio bide berrien beharraz ari ote zaizkigun. Errepide berriak orain arte etxebizitza eta eraikuntzaren espekulaziotik kanpo izan diren lur sail berriak "ukituko" lituzke ere.
Etxebizitza sozialari bide eman behar zaio eta egungo espekulazio politikak albo batera utzi. Etxebizitza hutsaren gaiari konbentzimenduz heldu behar zaio eta ez azaleko kontabilizazio batean geratu. Aipatu ere "entreplanten" gaiarekin sortu den zurrunbilo berria, espekulazio berriei bide emanez.
Berriro diogu, etxebizitzaren inguruko azterketa serio bat beharrezkoa da. Eta Urretxu eta Zumarragaren artekoa bada askoz hobe, "Plan Territorial Parcialak" dioen eta gomendatzen duen bezala. Bi herriek duten etxebizitza dentsifikazio maila altua kontutan izanik, hazkundeak kontrolatuz eta bilakaera demografiko eta gizarteko ohitura berriei egokituriko alternatibak emanez.


ZERBITZUAK

Halako hazkunde nabaria helburu dutenek ez dute zerbitzuen alorrean inongo aipamenik egiten. Ez dago zerbitzu sozialei eta publikoei buruzko azterketarik, egungoak nahikoa ote diren, ez eta aurrera begira berriak beharko diren aurreikuspenik ere, baldin eta herritar kopurua handitzen bada.
Kirol gune, aisi gune, berde gune, aparkaleku, zerbitzu sozial, kultur gune... eta abarrei buruz ez da ezer ez aipatzen eta ez dago inongo azterketa txostenik gai hauen inguruan.


KANPITOKO KIROL GUNEA
Egun Kanpitoari begira dago Ikastola berriaren proiektua. Ikastola egoitza berria planteatzeko zilegi izanik ere, herri ikuspegitik ñabardura batzuk egin beharrekoak dira aurkezturiko proiektuari.
Gaia ezin da herriaren mesederako izango den Ikastola eta udalaren arteko trukaketa bat bezala planteatu, oraingo kirol guneak duen azaleratik, Ikastola berriko kirol guneak izango duen azalera txikiagora pasako ginatekeelako.
Bestalde, herriarentzako erabilgarri izango den aparkalekua periferian dago eta egun aparkaleku beharra ez dago han, erdigunean baizik. Honek ez du herrian dagoen aparkalekuen arazoa konponduko.
Azkenik, Pagoetan espekulaziorako lurzoru berria sortuko litzateke, prezio libreko etxebizitzak eraikiz eta "Kanpo Batalla" inguruan eraikuntza interes berriak sortuz.
Urretxun, 2005eko ekainaren 20an.