2005/10/11

ARAU SUBSIDIARIOAK-ALEGAZIOAK (2005/10/11)

Orain hilabete batzuk, Urretxuko Osoko Bilkuran, Herribideren kontrako botoarekin, Arau Subsidiarioen berrikuspenaren dokumentua eta proiektua onartu zen. Hau dela eta, oraingoan ere, proiektu honek sortzen dizkigun kezka eta desadostasunak azaltzera gatoz.

Ondorenean HERRIBIDE plataforma osatzen dugunok aurkezten dugun idatzi honen helburua, egun Urretxuko Udalean lehenengo onarpenaren ondoren, AASSen berrikuspenean zabaldu den alegazio aukerari erantzutea da. Hau dela eta, udal honetan dugun ordezkaritza politikoari erantzunez, AASSen berrikuspenerako aurkeztu zaizkigun dokumentuan azterketatik ondorioztatutakoak aurkeztera gatozkizue. Ondorio hauek, finean, alegazioak dira eta etorkizunean udal honetan onartu nahi den AASSen berrikuspenean bere islada izatea da gure helburua.


Beraz, ondoren AASSen berrikuspenerako aurkeztutako dokumentuen inguruko hausnarketaren ondorioz honako hauek alegatzera gatoz;

1.- ALEGAZIOA

Arau Subsidiarioen gaia aztertzerako eta alegazioak aurkezterako orduan, lehenik eta behin aurkezten zaigun zailtasuna hizkuntzarena da. Gaur arte gai honen inguruan eman zaigun dokumentazioa bere osotasunean gazteleraz dago. Ondorioz, dokumentazioa aztertu eta alegazioak lantzeko orduan agerian dauden zailtasunak suertatzen dira. Beraz, alegazio honi jarraiki, egun gai honen inguruan dagoen dokumentazioa euskaratzea exigitzen dugu.


2.- ALEGAZIOA

- Udalaren inguruko lehen diagnostikora jotzen badugu, zeina Memoriaren “1.2- DIAGNOSTICO DEL MUNICIPIO, 1.2.2.1- EVOLUCION DE LA POBLACION” atalean agertzen den, bertan oraindik ere aztertzear eta beraz memorian isladatu beharko liteken atal baten gabezia somatzen dugu, populazioaren zahartzearen inguruko aurreikuspena, alegia. Populazioaren zahartzea ematen ari dela aipatzen bada ere, honek izango duen eboluzioaren inguruko azterketarik ez dagoela uzten da agerian. Zahartze prozesu honen klabeak zeintzuk diren aurreikusi gabe, zaila ikusten dugu udalak etorkizunean beharko dituen ekipamenduen (etxebizitza beharra, zerbitzuak….)inguruko planeamendu seriorik egotea.

- 1900 urtetik gaur egunera populazioaren joera zein izan den aipatzearekin bakarrik, ezer gutxi jakin daiteke. Argi dago Urretxuko giza egiturak, herriaren egituraketa estrukturalean duen eragin zuzena eta ekidiezina. Honen arira, nabarmena da azken urteetan Zumarragatik Urretxura eman den gizarte mugimendua eta mugimendu honen ezaugarriak, hots, etxebizitza eskaintzari erantzunez Zumarragatik Urretxura mugitu den jende gaztea. Herririk herrira eman den mugimendu honen arrazoia Zumarragak azken urteetan izan duen etxebizitza eskaintza eskaxari erantzuten dio, zeina Urretxuko egungo eta etorkizuneko azterketa demografiko batek kontuan hartu beharko lukeen.

Ondorioz, Urretxuko garapen demografikoaren nondik norakoak ezagutzea ezinbesteko baldintza bilakatzen da herriaren egituratzea planteatzeko. Helburua finean, egitura sozialaren eta egitura estrukturalaren oreka bilatzea da.

Populazioaren hazkundearen klabeak ondo ezagutu behar dira benetan herriak etorkizunean izango dituen behar errealei erantzun egokia eman ahal izateko.


3.- ALEGAZIOA

- “ II. ORDENACION, II.1- CRITERIOS Y OBJETIVOS GENERALES PARA LA REVISION DE NNSS, II.1.1- CRITERIOS ESTABLECIDOS POR LOS PLANES TERRITORIALES, A) DIRECTRICES DE ORDENACION DEL TERRITORIO” atalean, Urretxuko udal planeamendua Zumarragakoarekin konpatibilizatzearen beharra aipatzen da, integrazio morfologiko eta funtzionala helburu izanik. Aipamen hau oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta era berean aipamen honek AASSen berrikuspenerako aurkeztu diren dokumentu guztietan duen islada eskaxa nabarmena da. Aipatu baino ez da egiten eta ez da inongo aplikazio mailara iritsi. Honen arira, bai agertzen da Urretxuko eta Zumarragako AASSen erredakzio taldeen artean izandako bilera baten ingurukoa, baina ezer geihago.

1997ko otsailaren 11n onartutako “ DIRECTRICES DE ORDENACION TERRITORIAL” , D.O.Tean, etorkizuneko ejekuzioei begira, Urretxu eta Zumarraga hiri gune berdin baten baitan tratatuak izan behar direla aipatzen bada ere, Urretxuko AASSen erredakzioan ezer gutxi aipatzen da bi herrien artean egondako eta egon beharreko harremanen inguruan.

Egun Zumarragako herriak Urretxukoarengan duen eragin estrukturala eta soziala erabatekoa dela nabarmena izanik, beharrezkoa deritzogu bi udalen arteko irizpide minimo batzuen finkatzea. Irizpide hauek ez dute inolaz ere herri bakoitzak garatu nahi dituen AASSengan eraginik izango, eta bide eman behar dute planeamendu orekatu eta sustengatu bat bideratzeko.

Gauza bera gertatzen da mugikortasunaren gaiari heltzen diogunean, hots, lankidetzaren gabezia, zeina agerian geratu den azken hilabeteetan burutu diren trafiko mailako aldaketekin.

Aipatu dugun D.O.Taz gain ere, 2001eko martxoan, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, “PLAN TERRITORIAL PARCIAL”, P.T.P delako dokumentuaren aurrelana onartu zuten. Aurrelan honetan, dokumentuak emango dituen helburu, irizpide eta konponbide orokorrak zehazten dira.

Bertan ere,- D.O.T-ean bezala, Urretxu Zumarraga hiri gune bakar bat bezala tratazen da, eta azken hamarkadetan eman den garapenaren ondorioz, gune asetu bat dela planteatzen da. Dentsitate maila altua izanik, garapen urbanistiko berririk ez egitea gomendatzen da, dagoeneko dagoenaren inguruko garapena planteatuz: gune historikoa, zaharkituak dauden zonaldeak , hau da etxe hutsen inguruko lanketa serio bat egitea. Garapen berriak egitekotan, beti ere hauek etxebizitza publikora bideratzeko gomendio argia ematen da.


4.- ALEGAZIOA

- “II.1- CRITERIOS Y OBJETIVOS GENERALES PARA LA REVISION DE NNSS, II.1.2- CRITERIOS Y BJETIVOS MUNICIPALES” atalean, hiru dira AASS berrikuspenerako planteatu diren helburuak. Hauen artean lehenengo bien inguruko alegazioa da hirugarren hau.

- 1.helburuan, bide egitura egoki baten beharra azpimarratzen da. Egun Urretxuko herriak dituen mugikortasun arazoak jakinak izanik, ondo definitu gabe daudela uzten dute agerian dokumentuek. Arrazoi serio eta objetiboetan oinarritu gabeko alternatiba baten planteamenduak hutsune ugari uzten ditu agerian. Beraz, mugikortasunaren inguruan azterketa serio bat exigitzen dugu, beronen ondorioetatik, benetan eraginkorra eta onuragarria izango den alternatiba ondorioztatuz.

- 2. helburuan populazioaren hazkundearen ondorioz dagoen etxebizitza eskaerari aurre egiteko, etxebizitza berrien eraikuntza planteatzen da. Lehen aipatu moduan, eskaxa edo hutsa da Urretxuko udalak populazioaren hazkundearen inguruan duen ezagutza. Beraz erruz justifika daiteke, etxebizitza berrien beharra eragile honekin. Era berean, D.O.T edo P.T.P bezalako dokumentuetan, argi eta garbi agertzen da herri honen etxebizitza politika etxebizitza sozialetara bideratu behar dela.

Honen baitan, egun Urretxun dagoneko urbanizatua baina erabili gabea dagoen lur zoruaren inguruko azterketa baten beharra planteatzen dugu, zeinaren barne etxe hutsak kokatzen diren, beste batzuen artean. AASSen inguruko dokumentazioa eraikuntza berrietarako guneak bilatzearen saiakeran dago bideratua, dagoeneko eraikia baina erabili gabea dagoen lur zoruaren inguruko datu eta alternatibarik eskaintzen ez duen bitartean.

Etxebizitzaren inguruko afera herri askotan bezalaxe, gurean ere garrantzi handikoa izanik, berebizikoa suertatzen da eskaini behar den etxebizitzaren inguruko tipologiak, herriak duen sare sozial eta beraz eskariarekin bat egitea. Hau horrela izanik, Urretxun behar den etxebizitza motaren inguruko pistak La Caixa 2005eko Uztailaren 12an aurkeztu zuen “ ANUARIO ECONOMICO” (Ikus, 2005eko Uztailak 13ko Diario Vasco egunkaria) txostenean aurkitu daitezke. Bertan Gipuzkoako herri guztietako herritarren errenta mailari dagokion taula agertzen da eta Urretxuarrak , zerrenda horretan, azpitik hasita 10. mailan kokatzen dira.


Ondorioz, etxebizitzaren inguruan egun dagoen “beharra” benetan aztertu beharreko gaia dela iruditzen zaigu, etxebizitza eskaintza handitu behar del zalantzan jarri gabe. Baina, benetako lana eskari eta eskaintzaren artean oreka maila minimo bat lortzean datza. Zentzu honetan eta egun bistara dauden datuak begiratuz, nabaria da etxebizitza sozialaren inguruan dagoen eskaria asetzeko udalak duen konpromiso maila eskaxa. Honen baitan ezinbestekoa da AASSen berrikuspen honetan, eraikia eta erabili gabe dagoen lur zoruari irtenbidea ematearekin bat, etxebizitza sozialaren aldeko politika bideratzea, planteatzen dena baino esfortzu handiago bat eginez.


5.- ALEGAZIOA

- “II.3- DESCRIPCION DE LA PROPUESTA DE INTERVENCION, II.3.6- SISTEMA DE COMUNICACIONES, II.3.6.2- INFRAESTRUCTURAS DEL TRANSPORTE, II.3.6.2.1- RED VIARIA GENERAL” atalean Iparragirre- labeaga- Ipiñarrieta bidearen paralelo joango den biala planteatzen da egun herriak dituen mugikortasun arazoei aurre egiteko. Baina zeintzuk dira zehazki egun Urretxuk arlo honetan dituen arazo zehatzak? Zeren alternatiba da biala?. Dokumentuan ez da aurkezten mugikortasunaren inguruko azterketarik,. Mugikortasunaren arazoa dagoela orokortzea dela iruditzen zaigu. Arazoa hor dagoela jakina bada ere zertan datzan, hots, honen ardatz nagusiak zeintzuk diren aipatu behar da dokumentuan, horrela eskeintzen zaion alternatiba eraginkorra izango dela ziurtatzeko.


Beraz aurkezten dena ez dugu alternatiba moduan ikusten, burutazio konkretu eta simple bat baino ez da. Arazoa, konplexua izanik, aurre planteamendu landuago baten beharra somatzen da.


7.- ALEGAZIOA

- “II.3- DESCRIPCION DE LA PROPUESTA DE INTERVENCION, II.3.8- EQUIPAMIENTO COMUNITARIO” atalean, emango den aldaketa bakartzat Ikastolaren kokapen aldaketa aipatzen da, soilik. Herri ekipamenduen gaia, ez da soilik hezkuntza arlora mugatzen. Kirola,kultura, aisialdia, haurrak, 3. adina, etab…zabal bat hartzen duen arloa da hau eta AASSen berrikuspen honetan ez da ezer berririk aurkezten, dagoenaren inguruko azterketa hutsa izanik. Beraz eta, ez da batere logikoa herriaren hazkundea helburu izan eta honek sortuko dituen beharren aurrean itsu mantentzea. Badirudi egun dauden ekipamenduak nahiko aizango direla datozen urteetan, edo behintzat horrela ematen du aditzera aipatutako atalak.
Urretxun mugikortasunaren eta etxebizitzaren mailako beharrak egonik ere, ekipamendu mailako beharrak ere badaude, eta berauek asetzeko planteamendu serio bat islatu beharko luke dokumentuak.




8.- ALEGAZIOA


Lehen onarpena jaso duen AASSen berrikuspenak, Urretxuko egituraketa estrukturalean aldaketa nabarmenak planteatzen ditu. Jakina da estrukturalki eman nahi diren aldaketa hauek eragin zuzena izango dutela egituraketa sozialean, hots, Urretxuarrengan. Azken hau da aurkeztu diren dokumentuetan aztertzen edo gutxienez aipatzen ez den atal bakarra. Izan ere Urretxuarrak dira bere herriaren jabe eta aldaketa hauen aurrean irabazten edo galtzen ateratzen direnak. Kompentsazio kontzeptua hirigintza arloan landua bada ere, ezer gutxi lantzen da giza arloan.

Beraz, eta planteatzen diren aldaketa estrukturalen aurrean Urretxuko herriak bere osotasunean, irabazteko ezer gutxi duela agerian da, herria kuantitatiboki handituz doan heinean kualitatiboki ezer gutxi garatzen bait da, egiten den planteamenduak ezer gutxi eskeintzen bait dio etorkizunean Urretxu osatuko duen sare sozialari.