2006/01/18

URRETXUKO AURREKONTUAK... ZAHARRAK BERRI! (2006/01/17)

Kaletar batek udaleko aurrekontuetaz galdetu gintuen, aho batez onartuak izan zirela prentsan irakurri zuela eta. Guk, udal batzar hartan parte hartzeko aukerarik ez zitzaigula eman erantzun genion, bere harridurarako...
Aurrez, alkatearengana jo genuen abenduko azken astean herrian izango ez ginela jakin arazteko eta aurrekontuen gaiaz arduraturik, guztiontzako egoki izango zen deialdia egin zezan.
Hala, alkateak azeleragailua zapaldu eta abenduaren 29rako “aparteko” udalbatza deitu zuen, aurrekontuak tratatzeko materiala eta deialdia bi egun lehenago helaraziz. Ezin genuen sinistu! Espresuki eskatu zitzaionean ere, Pello Gonzálezek kanpoan utzi gintuen, herritar sektore garrantzitsua ordezkatzen duen kolektibo bati aurrekontuetaz eztabaidatzeko eskubidea ukatuz!
Baina ez da aurrekontuen osaketatik kanpo utzi duen sektore bakarra. Azken hamarkadan ohitura bihurtu den legez, aurrekontu hauek, Urretxuko herri dinamikan aktibo diren sektore, talde, kolektibo eta norbanako desberdinen parte hartzerik gabe atera dira aurrera.
Ez da inolako prozesu partehartzailerik zabaldu, ez da inolako informaziorik kaleratu, ez da eztabaidarik bultzatu... Beraz, zein da udal gobernu honek defendatzen duen modelo partehartzailea? Aurrekontuak herriaren beharrei erantzuna emateko egiten diren momentutik, bere osaketan herriak ahalik eta zuzenen parte hartzea nahitaezkoa da.
Azkenik, beste udal ordezkariek guzti honen berri ba al dute? “Consenso” hitzaren defendatzaile faltsua den Pello Gonzálezen jarrera baztertzailea babesten al dute? EAko taldekideak ados al daude Herribide aurrekontuen eztabaidatik at uztearekin? Eta gobernu kide den PNVk onartzen al du herritarren parte hartzeari ateak ixtea? PSOEk, bere aldeko bozkarekin, guzti hau onartzen al du? Nola esplikatzen zaio guzti hau Urretxuko herritarrei?
Herritarren partehartzea orokorrean eta Herribidek ordezkatzen duen abertzale eta ezkertiar sektorea zuzenean baztertzen dituen Apartheid-aren aurrekonturik ez dugu nahi!