2006/01/24

LEHENGO LEPOTIK BURUA (2006/01/24)

Atzeko atearekin ez da nahikoa. Udaletxeak aurrekontuen osaketarako herri mailako prozesu parte hartzailerako ateak zabaldu beharraz ari gara hitz egiten Pello, non Urretxuko eguneroko dinamikan lanean diharduten agente guztiek proposamenak egin eta entzunak izateko aukera izan dezaten. Iaz ere berdina eskatu genizun. Zuk aurten ere paso...
Bestalde Urrestarazu jauna aurrekontuen plenoaz hitz egitera joan zitzaizunean, berehala ondorioztatuko zenuen plenoaren berri ez zekiela. Hara non, guztiontzako data egoki bat eskatzen ari zitzaizunean, edo dagoeneko data jarria zegoela ezkutatu zenion edota gezurretan ari zinan data zehatzik ez zegoela baieztatzerakoan! Gezurrak hankamotz!
Azkenik, lan egiteari buruz hitz egiten duzunean, ez ezazu mespretxatu Herribide osatzen dugunok egiten dugun lana. Falta zena, politikari profesionala (ekonomikoki hortaz bizi zeran aldetik) egiten ez dugunari buruz lezioak ematen...
Herribidek hirigintzako batzordean, ongizate batzordean, arau subsidiarioen berritzean, giza eskubideen batzordearen osaketan, plenoetan, kultura batzordean, mozio aurkezpenetan, jai batzordean... eta aurrekontuetan ere parte hartzen du.
Askotan gure mugak ditugularik eta sarritan jartzen zaizkigun oztopoen gainetik: ordezkaritza politikoa ukatu diguzue, udaletxeko ekimena normalizatzeko proposamen oro ukatu diguzue, udaletxean boza eskubidea ukatu diguzue, udaletxetik informazioa lortzea zaildu diguzue, gerora beste udal ordezkariek jakinarazi digutenez hainbat bilera garrantzitsuetatik kanpo utzi gaituzue, lortutako udal ordezkaritzari dagozkion dirulaguntza eta batzordeetan parte hartzeagatik dagozkionak ukatu dizkiguzue... Nahi duzunerako udaletxeko parte gara eta nahi ez duzunean ez.
Zureak erantzunak...