2007/01/07

2006ko abenduaren 29ko ez ohizko udal batzarraren balorazioa...

Behin eta berriz salatu izan dugun moduan, onartu berri diren Arau Subsidiarioei eutsiko dien txosten tekniko seriorik ez da mahai gainean jarri herri antolamendua arautzeko prozesuaren lanketarako oinarrizkoak diren gaietan: ez etxebizitza demandaren azterketarik, ez etxebizitza hutsen erabilera planik, ez trafiko ikerketarik, ez aparkaleku proiektu orokorrik, ez industri garapenerako estrategiarik, ez eta herri mailako ekipamendu, aisialdi gune eta zerbitzu beharren inguruko azterketarik ere.

Era berean, Arau hauen lanketan ez da inondik inora herritarren partehartzerik bultzatu nahi izan: kalean gazteentzako etxebizitza duinaren aldeko ekimenak, herriko komertzio txikiaren aldeko herritar eta sindikatuen ahotsak edota herriko industria gunearen gainbehera bezalako gaiak herritarren artean ahoz aho izan diren bitartean, udal gobernuak herritarrei bizkarra eman eta eztabaida eta elkarlanari muzin egin dio, herri garapenerako derrigorrezkoa den babes sozialik gabeko arau subsidiarioak edozein preziotan aurrera eramanez.

Era berean, arauak aurrera ateratzeko beharrezko kalkulu aritmetiko hutsean oinarritutako gestioa eraman du Alkateak, udal mailako babes eta akordio zabalagorik lantzeko asmorik gabe. Aurrez bi ezohiko osoko bilkura atzeratu eta gero, azkenik hirugarren batean aurrera atera dituzte arauak Alkateak eta EA alderdiak, Herribideri bai eta EAri ez dagokion zinegotzi baten bozka erabiliz, agintealdi honetan hirigintza batzordeko bilera bakar batean ere parte hartu ez duen PPko zinegotziaren bozkarekin eta azkenik, bere alderdia utzi eta bere burua baino ordezkatzen ez duen zinegotzi baten bozka bidez. Alderantziz, Herribide, PNV eta PSOEk ezezko bozka eman genuelarik. Beraz ezin esan udaletxe mailan ere babes sozialik dutenik orain onartu berri diren arauak.

Amaitzeko, PNV eta PSOE alderdien azken orduko damutzeak berandu datozela adierazi nahi genuke, arauen hasierako onarpenarekin espekulazioa elikatzen duten arau hauei bidea zabaldu zietela gogoratuz.
*KAIXO-n argitaraturiko artikuloa (2007ko urtarrila, 91.alea)